XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IPUINAK ETA KONDAIRAK

Beste ikasgaietan Ahozko literaturaren teatro eta poesia sailetako obrak ikasi eta aztertu ditugun bezala, ikasgai honetan ahozko prosaren emaitzarik behinenak landuko ditugu: ipuinak eta kondairak.

Pertsonaia, gertaleku eta denbora zehaztu gabeko herri kontakizun oro da ipuin.

Ikertzaileek, ostera, ipuina eta kondaira bereizten dakite, azken honetan pertsonaiak eta gertalekua zehaztuak bait dira.

Hala ere, herriak ipuin hitzaz denak izendatzen dituenez gero, berba horrekin deituko ditugu herri kontakizun guztiak.

Gure Herri literaturan, hitz lauz, ipuinak eta kondairak ditugu nagusi.

Sail handi honetan era askotako kontakizunak sartu ohi dira: mitologiazkoak, kontu, kondaira edo leiendak, alegiak, pasadizuak, eta abar.

Denak dira, ordea, ahoz ahozko prosaren emaitzak, eta ohiturazko giroetan kontatu eta irakatsi izan dira: sutondoko afalosteetan, mahai inguruan, arto zuritzeetan, ehiztari bileretan, goruetan, eta abar.

Ipuinak aipatzean, umeak ditugu beti gogoan, beren gauza besterik ez balitz bezala.

Baina kontutan hartu behar da ipuinen altxorra pertsona nagusiengan, helduengan dagoela, eta berauen ihardunari esker gorde dituela gure herriak.

Zaharrengandik ikasten dituzte gazteek, eta hauek ere inoiz katearen beste maila bat osatuko dute kontatzaile bihurtzean.

Ipuinak badu bere mamia eta garrantzia; ez da haurkeria, umeak lokartzeko denborapasa hutsa.

Euskal Herriaren arima, gure herriaren antzinako aztarnak eta sinesmenak antzematen dira Ipuinen sakon-sakonean.

Gure ipuinak, beren nortasuna eta euskal kutsua izan arren, askotan Europar herrietako ipuinen kideko ditugu, behinolako kultur altxor amankomunaren isladagarri.

Herri literaturaren beste sailetan bezala, ipuinen arloan ere biltzaile ugari izan da, eta bada gaur egun ere.

Askoren artean, aipa ditzagun Barandiaran eta Azkue, biltze lan handia eginikoak bait dira.

Baina herri hizkeratik liburuetara aldatzerakoan, erizpide desberdinak erabili izan dituzte lehengo eta oraingo ipuin biltzaileek:.